2020ko azaroaren 26a

 Indarra beharko dugu aurretik datorkigunari heltzeko, zalantzarik gabe. Hala ere, eta gaur ohartu banaiz ere zenbaterainoko lan-karga daukagunaz, motibatuta atera naiz gaur klasetik. Iruditzen zait heldu diogula gaiari, K6aren lana banatu eta benetan ari garela aurrera egiten. Gidoia egokitzen goaz, erreferenteak gehitzen, marko teorikoa berreraikitzen ari gara, behar duguna kontuan hartuta.

Izan ere, hasieran kontrako lana egin genuela iruditzen zait, geneukan dena hartu, nahastu eta diskurtso bat osatzen saiatu. Orain, aldiz, kontrako lanean ari gara; behar duguna identifikatu dugu eta horren inguruko lanketan murgildu gara. Irakurketa bakoitzak hurrengora garamatza, eta horrek hurrengora. Baina, aldi berean, zentzumenak sekula baino piztuago dauzkagula iruditzen zait; egunero dator taldekideren bat ideia berri marabillosoren batekin. Telebistan ikusitako zer edo zer, irratian entzundako artistaren baten proposamen artistikoa, irakurritako astekariren batean ageritako istorio osagarriren bat... dena ongi etorria.

Aurrekoan beldur txiki bat piztu zitzaidan barrenean, gai izanen ote naiz luzean jakinmin honi eusteko? Hots, lanek behartzen ez nauten unean gai izanen ote naiz ikasten jarraitzeko? Eta hala ez bada, gai izanen ote naiz hezitzaile izateari utzi eta beste zer edo zertan hasteko? Ez dakit handitan zer izan nahi dudan, zer izan nahi ez dudan badakit ordea: bere lana maite ez duen hezitzailea.



Iruzkinak