Ahobiziak musukoak estaltzen dituen garai honetan sentipen batek itotzen nau eta bota beharra daukat. Ezin dut euskaraldiarekin. Benetan, badakit jende eta lan asko dagoela proiektu horren atzean, asko borondate onenarekin ari direla, bere funtzioa egiten duela zenbait testuingurutan... Hori dena badakit baina, hala ere, ezin dut.
Hasteko, esan beharra daukat dezente daramadala hau testu bihurtu eta nolabait barrutik ateratzeko ideiarekin. Idazteak laguntzen dit askotan, barrutik ateratzeko modua izaten da. Gaur erabaki dut idatziko nuela eta blog honetan txertatuko. Ez dakit leku egokia den horretarako baina politikoki zuzenak ez diren ideiak plazaratzeko gune goxoa da hau, bakarrik irakasleak irakurtzen dituelakoan nago eta. Beste egun batean koronabirusaren aurreko kudeaketaren ingurukoak.
Gaur unibertsitatera iristean atezaina geneukala ikusi ahal izan dugu, abisatu ziguten aurretik baina ahaztua nengoen. Iritsi eta egun onaren aurretik garrasika ari zitzaigun gizona, garrasika, gazteleraz, noski. Jo nezake bera larrutu eta erruz betetzera, erantzukizuna beste batzuena izan arren, baina ez dut egingo. Hori da, hain zuzen, euskaraldiak egiten duela iruditzen zaidana, norbanakoongan jartzen du errua, edo erantzukizuna, ez dakit. Jazten dugu txapa soinean eta hartzen dugu euskaraz aritzeko konpromiso irmoa, ondokoarekin egitekoa, ondokoak belarriak prest izan nahiko balitu behintzat. Bestalde, ondokoak ez badu nahi hiru aukera dauzkagu:
1. Erderara pasa.
2. Bizkarra emanda alde egin.
3. Euskarari eutsi.
Hiru horien arteako bi errespetu faltatzat hartuko lituzke gehiengoak, ezetz asmatu zein den, hortaz, geratzen zaigun aukera... (Hiru aukera horiek ez dauzkagu beti erabilgarri, poliziaren aurrean lehena eta punto). Hizkuntzari eusten saiatzea, batzuentzat, hain da bortitza, hain gogorra, hain talibana... Nekeza dela iruditzen zait, benetako konpromiso gogorra. Nik neronek hartzeko indarra ez daukadana, bide batez. Argiak izan gaitezen, herri honetan bizi izanda belarriprest izateko prest ez dagoena ez da gehiegi saiatu izan. Ez duelako nahi izan edo ez duelako beharra sentitu, hor ere badaukagu gure erruaren puska.
Aldiz, hizkuntza politikak sortu eta egokitzen dituztenek jarraitzen dute txapa jantzi eta par-par erdera hutsean. Jarraitzen dute erantzukizuna guregan jarriz, hiztunongan. Hiztunok eman dezakegu, gure hizkuntzarekiko atxikimenduaren arabera, gehiago edo gutxiago baina, pisua haiengan dagoela argi utzi nahiko nuke. Finean, eskainiko zaizkigun baliabideen baitan egongo da gure motibazioa eta proiektu ororen arrakasta.
Hezkuntza politikak, noski, badu zeresanik afera horretan. Hizkuntza ereduei eusten diegun artean, euskaraz ikastea hautua den heinean, indarra galtzen joanen da gure hizkuntza. Diglosiak hori izaten du, edo zirt edo zart, eusten ezin gara bizi. Eta euskara sustatzeko jaioa den ETBk, bere estatutuetan egiteko hori azpimarratzen duen berorrek, euskaraldian zehar euskaldun ahobiziak gazteleraz jartzen jarraitzen duen artean pixkanaka urtzen joanen gara gu; herri euskalduna.
Nahiko ideia onartua da haurrei euskaraz egin dezaten eskatzeak ez duela gehiegi balio guk erderaz eginez gero. Ba antzeko gertatzen da legegileen eta gure artean. Bi adibideetan elkarlana litzateke egokiena nire ustez baina, bietan nahiko zaila ikusten dut.
Iruzkinak
Argitaratu iruzkina