2020ko irailaren 18a

 

Vicenç Arnaizen bideoaren inguruko nire iruzkina

Unibertsitate giroan egiteko ohitura ez daukagun ariketa bat egin nahi nuke iruzkin honetan zehar: erreferente akademiko eta ideologikotzat aurkeztu zaigun pertsona baten ideiak entzun eta, berdinen arteko elkarrizketa batean baikeunden, horiek zalantzan jartzea. Argi daukat ez dela hori eskatzen zaidana, baita atrebentziatzat ulertu litekeela ere, baina zilegi zaidala deritzot.

Psikologo balearraren hitzetan, mendebaldeko gizarte orok, ezin baita mendebaldeko gizarte bakarraz hitz egin, arazoei aldian-aldiko erantzuna emateko joera dauka. Ideia horretan sakontzen hasita, hizlaria egin duguna eta egin ez duguna errepasatzen aritzen da uneoro. Ez dugula aurreikuspenik egin, ez garela behar bezala prestatu... Egia den arren norbanakook komunitate bezala jokatzeko aukerak baztertzera egiten gabiltzala, ez ote da Sistemaren errua gizarteko partaide orok indibidualismorako eta norberekerirako joera izatea? Joera hori ez ote da Sistema berorren indar anitzek bilatu eta sustatua? Hortaz, gure kontzientzia kolektiboa ezabatu duenaren eskuetan gauden heinean, ez ote da agintarien papera ukatu zaigun elkar-zaintzaren ordezko sintetiko bat bilatu eta hauspotzea?

Zalantza sortzen zait benetan gu ote garen bizi izan dugun egoera kaotiko eta lazgarri horren errudun; benetan aukera izan ote dugun berori konpondu edo aurreikusteko. Are gehiago, Vicenç Arnaiz jaunak “gu” hitza erabiltzen duen aldiro zalantza sortzen zait talde horretan nor sartzen ote den eta nor uzten ote dugun kanpoan. Hizlariak kuarentenan bizitakoaren baldintzatzaile zuzen gisara ulertzen du norberaren egoera sozioekonomikoa. Ukatu ezin den afera dugu hori, zalantza izpirik gabe; hala ere, zergatik ez bilatu zenbait egoera sozioekonomiko latzen eragile zuzenak, irudi lezake, bestela, modu naturalean sortutako ezberdintasunez ariko ginatekeela. Irudi lezake, esate baterako, gosea pasatzen duen nerabearena dela gosea pasatzearen karga; gizarteak (komunitateak nahi bada) ezin duela ezer aldatu, ezin duela ezertan eragin. Bere horretan, konformismoa eta indibidualismoa sustatzeko ideia izan daitekeena.

Etxeetako giro nahasiaz, errutinen galeraz edo berdinkideen arteko harremana apurtzeaz hitz egiten digu gerora autoreak, baita haur orok ordenagailu baten aurrean landu ezin izan dituzten alderdi sozial eta afektiboez. Nahitaezkoa iruditzen zait haurrek galdu duten guztia aipatzea, hezkuntza-komunitatearen parte garen heinean egi gordina hau baita: ez dugu asmatu umeei haien lekua eskaintzen, ez dugu haiek zaintzen, babesten eta haien garapenean laguntzen asmatu. Gainera, modu berean, ez dugu egoera zaurgarrian dagoen inor babesten asmatu. Izan dira gurean, herrigintzatik sortutako zenbait zaintza-gune (jende helduari erosketekin laguntzeko kanpainak, klase-borroka irakurketa batetik sortutako janari-bilketak, genero-ikuspuntu batetik zaintzak partekatzeko saiakerak...) baina eskolak, instituziotatik edan ohi duen gizarte-eragilea izaki, ez du asmatu horietara batzen. Ez du asmatu horiek sustatzen, zabaltzen, hedatzen, hauspotzen, babesten...

Eskolak komunitatea sortzeko, elkarrengana batu gaitezen lortzeko baliabide indartsuak dauzka, bere inguruan dabiltzan agente guztien aniztasunetik hasita, bere baitan lan egiten duten hezitzaile, psikologo, zaintzaile... Orduan, zergatik ez du eskolak zaintza-sare horietan parte hartu? Ez ote da txikienak babesteko modu ederra haien inguruan bizi dituzten egoerak erraztea? Eskola hezkuntza-eragilea da, ados, baina gizartea eraldatzen saiatze hutsak ez ote du hezkuntza-sistemaren hobekuntza ekarriko?

Hizlariak, aurrerago, berrogeialdiak maila sozioekonomiko altuko etxeetan eskainitako aukerez hitz egiten digu; batzuek arreta jarri ahal izan dutelako etxeko txikienengan, haiekin sukaldean aritu ahal izan direlako, ipuinak irakurri, kalitatezko denbora eskaini finean. Psikologoa oraingo egoerari so jartzen da gerora, sentsazio afektiboak, bizipenak eta ideiak ordenatu ahal izateko baliabide eta tresnak eskainiz baina, berriro ere, pribilegioen aulkitik mintzo dela dirudi; behar duena zaintzea karitate kontua dela irudikatuz, edo hala iruditzen zait niri.

Irakurriko ez duena kritikatzea erraza da zentzu batean, ez baitut erantzunik jasotzeko arriskurik, ez bainaiz hitzak neurtzen aritzera derrigortua sentitu. Hala ere, nire ustetik eta nire errealitatetik ari natzaio lerro hauek irakurtzen dituenari eta horretarako aukera eskaintzea eskertzekoa da. Agian nire bizipenek baldintzatuta ariko naiz baina, ez ote gara denok hala ari?



Iruzkinak