2020ko urriaren 1a

 

Bat nator gelan borobildu dugun ideiarekin: etengabeko krisian dago hezkuntza. Espiral bukaezin batean murgiltzeko gogorik ba ote daukadan galdetu diot neure buruari hasi baino lehen. Hezkuntza-eredu utopikoaren bila hasteko indarrik ba ote daukadan nolabait. Nola hasiko naiz ba horren bila bilatzen dudana zehazten ere ez badakit? Nahiko markatuta omen daude hezkuntza-sistemaren helburuak, hitz hutsean geratzen omen dira baina. Oso polita da ideia ponpoxoz betetako koaderno bat osatu eta purpurinaz forratzea baina argi dago egiturazkoak diren arazoak ez direla hitz goxoekin konponduko. Finean, egungo Sisteman gertatzen den oro bezala, arazo horiek kasualitate hutsez gertatzen direla sinesteak ez garamatza inora.

Indarrak batu genitzake nahi eta behar dugun hezkuntza-eredu hori herritik sortu dadin. Herria modu zabal eta anitzean ulertuta. Ez nuke errepikakorra eta negatiboa izan nahi baina, urte batzuk badira politikagintza profesionalarekiko inongo itxaropenik galdu nuela. Alderdiak alderdi eta demokrazia elektoralaren baitan eman daitezken hobekuntzak ukatu nahi izan gabe. Beteko ez den beste promesa baten usaina hartzen diot txosten marduletako paragrafo bakoitzari.

Badakit ez dudala ezer berririk esaten, ezta egoera konpontzeko baliabiderik eskaintzen ere. Minetik eta kamusadatik ari naizenaz ere kontziente naiz. Erlaxatu beharko dut agian?



Iruzkinak