Irudien garrantziaz mintzo bagara lotura ikusi dezaket hizkuntza plastiko eta ikusizkoaren inguruko lanketarekin. Iruditzen zait ikasgaiak berak eta gaiak badaukala halako mezu ezkutu bat. Ez dakit oraindik nola ongi definitu baina hizkuntza eliptiko horrekin lotzen dut. Irudiak egon daitezke esanahiz beteta, izan daitezke oso esanguratsuak eta konektatu dezakete gaitasun kognitibo eta eduki akademikoekin, esate baterako. Edo, bestalde, izan daitezke apaingarri hutsak.
Noski, lehen irudi mota askoz
hurbilago egonen da ikaslea hunkituko duen horretaz, esanguratsua izango den
irudiaz finean. Oraintxe hasia naiz igartzen irudien gaitasuna nolakoa den,
zeinen botere handia gordetzen den horiengan.
Oso esanguratsua iruditzen zait
ikus-entzunezko edukien kontsumitzaile hutsak izatetik aldentzearen ideia eta
egia da horretarako jolas dramatikoek eskaintzen dizkiguten abagune eta aukerak
oso interesgarriak direla haur-hezkuntzari begira.
Tesiak proposatzen duen bidearekin
bat egiten dut bete-betean eta, are gehiago, beste zenbait gairekiko antzekotasunak
ikusten ditut. Esate baterako, entzute handiko eztabaidagaia da zenbait drogen
legalizazioa, horiek gure inguruan hain hedatuta egonda ere. Horrekin lotuta,
drogen inguruko hezkuntza arriskutsutzat ikusten duten ikuspuntuak ugariak
dira. Ziurrenik hortik eratorriko da nik jaso izan nuen informazio prebentibo
eta zuzendua.
Drogen inguruko hezkuntza duina
jasoko badugu, benetan drogen eragina ezagutuko duten gazte kontziente eta
formatuak nahi baditugu, ez ditzagun drogak ukatu. Horiek gure inguruan dantzan
dabiltza, festa giroan bezala beste hainbat eta hainbat esparrutan. Beste alde
batera begiratzeagatik ez dira desagertuko, modu egokian erabiltzen dituen
gizartea nahiago dut begiak ixten dituena baino. Erabiltzen jarraituko direla
argi baitago.
Antzekoa iruditzen zait
ikus-entzunezko zenbaiten kasua ere. Funtsean, ados egongo gara pantailen
eraginak kaltegarriak izan daitezkeenaren ideiarekin, baina ezin ditugu
pantailak gure ingurutik aldendu. Mundu paralelo batean bizitzea ere ez da
horren sanoa izanen. Ongi erabili ditzagun, bilatu alternatiba sendo ezberdinak
eta arrazoitu umeekin. Negoziatu, ez inposatu.
Loturen eta sinestesiaren ideia ez
zait horren berria egin. Neronek osatu nituen bertso batzuk lehenengo itxialdi
hartako denbora libreari esker. Sinestesiaren ideia nerabilen buruan itxuran,
hala zenik jakin ere egin gabe. Horiekin bukatzea interesgarria litzatekeela
deritzot:
Irakasleak jarritako gaia: Esther
Barandiaran eta Maialen Agirresaroberen pieza bat igortzen dizuet gaurkoan.
https://www.youtube.com/watch?v=YW0wV742WTc&time_continue=171&feature=emb_title&app=desktop
Ea zer iradokitzen dizuen. Utzi
gogoari libre.
Pigmentuaren soinuak nola
Laztantzen digun azala
Hari-tenkatze baten zapore
Ta ahots baten itzala
Belarritatik labaintzen zaigun
Nota bakoitzak bezala
Tanta bakoitzak paper zurian
Marka bat utzi dezala
Lehortutako paper zimurra,
Pintzel gogorren usaia,
Tekla askatu osteko bere
Lehengora itzuli nahia,
Inprobisatu den partitura,
Mugatutako paisaia...
Akats bat zer da horrelakotan,
Etena ala jarraia?
Iruzkinak
Argitaratu iruzkina