Kubik ikuskizunaren grabazioa ikusi
genuen gelan atzo. Baliabide eskasek eman zidaten arreta. Kartoi-kutxa batzuk,
irudidun linternak eta gutxi gehiago. Beno, eta lan asko. Izugarria da,
K6arekin hasi garen honetan, antzezlan bat osatzeak izan dezakeen lan-karga.
Ziurrenik, orain iruditzen zaiguna baino gehiago izanen da. Pertsonaia bakoitzaren
nondik norako guztiak, oholtzako detaile txiki bakoitza, gidoia, irudi guztien
asmoa...
Haurrek gozatu egiten zutela
zirudien irudietan, benetan gozatu. Gustura eta lasai zeuden, txunditzen ziren,
barre egiten zuten, garrasi urduriren bat ere entzun ahal izan genuen... lan
ederra egiten zuten aktoreek eta igartzen zen dena oso ongi antolatua
zeukatela. Noski, aktore profesionalez ari gara, hortik bizi den jendeaz, baina
harritzekoa zait dena bere lekuan izateko eta bere unean egiteko gaitasuna. Gu
hasi ere ez gara hasi entseguekin baina aurreikusi ditzakedan mila arazoen
artean ordenarena dago. Noiz hitz egin, zenbatean luzatu isilunea, noiz egin
keinu hau, noiz bestea...
Aurretik egin ditugun lanetan,
Eiderrekin antzeztutakotan batik bat, oso zaila egin zaigu hori kontrolatzea,
funtsean, momentu bakoitzean datorrenaren ideia izatea buruan. Lan handia
daukagu aurretik, prestatu gaitezen. Orain artean ere lanpetuta ibili izan
gara, itota tarteka, entrega gehienak prest izanen ditugu hiru aste barru.
Orain, itxuran, entseguekin hasi eta aukera izanen dugu gaizki egin,
birpentsatu eta berriro gaizki egiteko. Hasi dadila jolasa.
Iruzkinak
Argitaratu iruzkina