2020ko urriaren 4a

 

Oso esanguratsua iruditzen zait irakurgai daukagun tesiak iradokitzen duen lehen ziklorako planteamendu sendo baten falta. Iruditzen zait oso garrantzitsua dela, tesiak egin bezala, zaintzaren beharra azpimarratzea; are gehiago, hezkuntza-sistema osora zabaldu beharko genukeela deritzot. Baliteke idazkian planteatutako gaitik irtetea baina pasadizo bat kontatu nahiko nuke.

Aurreko urteko praktika-aldiko gertaera bat daukat gogoan: nire tutorea zen eskolako hezitzaileak esan zidan ez geundela han fardelak aldatzen eta jolasean egoteko, guri gauzak irakastea zegokigula. Haur horiek testuinguru oso txirotuan hezten zirenez gu ginela haien hezteko eta gauzak ikasteko aukera bakarra.

Batetik, txirotutako geruza sozialenganako deabrutzea ikusten dut hitz horien atzean. Txiroak dira eta ez dira gai haien seme-alabei beste zenbait gurasok eskaini diezaieketen heziketa aukera eskaintzeko. Uste dut diskurtso arriskutsua dela, aporofobiatik hurbil kokatu nezakeena. Egia den arren, oro har, testuinguru txirotuetako familiek baliabide akademiko eta kulturalik apenas eskuratu dezaketela; ez ote da egia modu berean, maila sozioekonomiko altuagoa duten familiek haurrak eduki kognitibo eta akademikotan itotzeraino murgiltzeko joera badagoela? Hots, zenbaitek, eskolaz kanpoko jardueren nahas-mahasera bideratzen dituztela haurrak lanetik itzultzeraino behintzat. Urte batzuk barru agian mingaina zulora sartu beharko dut baina oraingoz hori kritikatzeko moduan nago. Ez al da egia eguna lanean pasatzen ez duten guraso edo senideek aukera gehiago dauzkatela haurrei kalitatezko denbora eskaintzeko? Horrekin ez nuke haien egoeraren gordintasuna estali nahi, mesedez, ez hala ulertu hitz hauek.

Bestetik, aldiz, zaintza-lanekiko gutxiespena da ikusten dudana. Maitasunez, goxotasunez eta edertasunez betetako ibilbidea hasi nahiko nuke eskola batera joaten naizen lehen egunetik. Esan nezake praktiketan hasia dudala jadanik. Nabarmena iruditu zitzaidan hezitzaile harengan ikusitako hoztasuna; haurrekiko distantzia markatzen zuen fisikoki ere.

Saiatu gaitezen oreka bat mantentzen, zaintzaren beharra ahaztu gabe heziketarako dauzkagun baliabide eta aukera anitzak ikertzen, deskubritzen, esploratzen. Hain zuzen, haurrek egin dezaten nahi duguna egin dezagun guk ere. Besterik ez.



Iruzkinak